2.561 gaztek jaso dute alokairua ordaintzeko EmanZipa laguntza, 2019an baino %30 gehiagok

2021/02/08

Alokairuko etxebizitzaren arloan Nafarroako Gobernuak ematen dituen laguntzak %31 gehitu dira azken urte honetan EmanZipa gazteentzako programaren kasuan, eta David programan jasotako familia ahulenei etxebizitza-gastua arintzeko laguntzak laukoiztu dira. 

23 eta 31 urte arteko 2.564 gaztek errenta ordaintzeko %50a eskuratu dute 2020an, eta diru-sarrera txikiak dituzten 952 familia zaurgarrik Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiaren laguntza jaso dute alokairuaren gastuak ordaintzeko.

Etxebizitza izateko Eskubide Subjektiboaren inguruan 2018ko abenduan onartutako Foru Legea garatzeko helburuarekin, Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera berehala aktibatu zituen EmanZipa eta David laguntza-programak, gazteak emantzipatzea erraztu eta merkatu librean alokairua zuten familia zaurgarriak babeste aldera. Tresna horiei alokairu eskuragarria sustatzeko beste politika batzuk gehitzen zaizkie; hala nola, etxebizitzaren sustapen publikoa, babestutako alokairurako diru-laguntzak edo erabiltzen ez diren etxebizitzei balioa ematea.

2019an indarrean egon den lehen urtean, EmanZipa eta David programen bitartez laguntzak eskaini zitzaizkien 2.169 familia-unitateri, eta egun 3.516ri ematen die estaldura, %60ko igoerarekin. 2021. urteari begira, Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiak aurreikusi du programa horien prestazioek 6 milioi euro inguruko inpaktu ekonomikoa izan dezaketela EmanZiparen kasuan eta beste 2 milioikoa Daviden kasuan.

Bi programetan parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza atariaren bidez egin daitezke, ekimen bakoitzaren orrialde espezifikoetan,  esteka honetan EmanZipari dagokionean eta honako honetan David laguntzen kasuan.

EmanZipa gazteentzat

EmanZipa Departamentuak aktibatutako instrumentu nagusietako bat da gazteen emantzipazioa errazteko eta lehen etxebizitza bat eskuratzea bultzatzeko apustuaren barnean.  

Laguntzak 23 eta 31 urte arteko gazteentzat dira. Urtean gehienez 20.000 euroko diru-sarrerak izan behar dituzte pertsona bakarreko unitateen kasuan eta gehienez 30.000 eurokoak pertsona gehiagok osatzen duten kasuan. Gainera, ez dute etxebizitza baten titular izan behar edota azken bost urteetan etxebizitza bat ez saldu izana eskatzen zaie edota ohiko errentamenduagatik ordaintzen duten errenta 650 eurotik gorakoa ez izatea. Azken neurri hori aplikatzen da laguntza aitzakia ez izateko jabeek alokairuaren prezioaren gaineko presioa are gehiago handitzeko.  

2019an abian jarri zirenetik, 1.950 onuradun izatetik egun 2.564 inskribatuta egotera pasa dira. Kopuru hori heren bat hazi da ia urtebeteko denboraldian, batez ere hedapen handiagoa izan duelako eta programa pixkanaka harrera ona izaten ari delako Foru Komunitateko gazteen artean.

Neurri honekin batera, Nasuvinsaren alokairuko parke publikoa osatzen duten mila bat etxebizitzaren %20a 35 urtetik beherako herritarrentzat erreserbatzen du Nafarroako Gobernuak. Halaber, horiei gehitu behar zaizkie hiriguneetan egindako birgaitze ezberdinetan gazteentzat eskuratutako etxebizitzak; esate baterako, aste honetan bertan Iruñako Alde Zaharreko Compañia kalean amaitu dena.

Familia zaurgarrientzako laguntzak

Aldi berean, David programa, diru-sarrera txikiak dituzten familia zaurgarrien etxebizitza-alokairuaren ordainketa arintzeko dena –SARA indizea 1,7 aldiz behera- 952 familia-unitate izatera iritsi zen, aurreko urtean emandako 219 unitate ia laukoiztuaz. Familia horien %72ak 150 eta 250 euro arteko laguntza jasotzen du hilabetean, haien errentaren eta diru-sarreren arabera; %17ak, berriz, 300 euro eta gainerako %11k  100 eta 150 euro artean jasotzen ditu.

Laguntza hauek gero eta gehiago ematen dira baliabide horretara jotzeko baldintzak malgutu direlako, COVID-19aren krisia dela-eta diru-sarrerak murriztu zaizkien pertsonei ere erantzun ahal izateko. Estaldura hori 2021. urte osora zabaldu du Nafarroako Gobernuak.

Etxebizitza izateko eskubide subjektiboaren garapena

Jose Maria Aierdi lehendakariordeak eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria denak honela nabarmendu du: “bistakoa da merkatuak berak bakarrik ez duela eragozten alokairuaren errenta harlauza bihurtzea gazte edo familia askorentzat, kontuan izanik soilik interes ekonomikoak eta prezioetan duen presioa, eskariaren igoeraren eta eskaintza eskasaren aurrean”. Era horretan, gogoratu du “beharrezkoa dela botere publikoek irmo eta ausardiarekin esku hartzea, alokairuko parke publikoaren eskaintza gehituta, hutsik dauden pisuak mobilizatzen saiatuta edo merkatuaren tentsioa arintzen lagunduko duten laguntzak emanda, etxebizitzaren eskubide subjektiboa eta funtzio soziala bermatzeko”.  

Pasa den martxoan alerta-egoera deklaratu zenetik, laguntza hauek ere irekita egon dira 2020ko urte osoan zehar, nahiz eta programa hauetan eskatutako baldintzak ez bete, COVID-19aren krisiak kaltetu dituen familientzat, izan enplegua galdu duten pertsonak edota enpresak ERTEan dituzten langileak. Gainera, estaldura hori 2021 urte osora zabaltzea erabaki du Nafarroako Gobernuak.

2.561 gaztek jaso dute alokairua ordaintzeko EmanZipa laguntza, 2019an baino %30 gehiagok

Zerrendara itzuli