Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak lagunduta, Nevadatik, Arizonatik, Washingtondik, Idahotik, Utahtik eta Kaliforniatik etorritako gazte estatubatuar batzuk hartu ditu Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan, ‘Ateak Ireki’ programaren barruan.
Ollo lehendakariordea gazteei zuzendu zaie, horietako batzuk Nafarroako emigranteen ondorengoak eta 16 eta 25 urte bitartekoak. "Gure kultura, ohiturak, historia eta errealitate soziala ezagutzeko eta barneratzeko aukera emango dizuen bisita batez goza dezazuen, eta, zalantzarik gabe, zuengan guztiongan eragin positiboa izango duen lotura emozionala ahalbidetzeko”. Hitz hauek luzatu dizkie Ollok ongi etorria ematerakoan.
Lehendakariordeak ere eskerrak eman dizkie ‘Ateak Ireki’ programan parte hartzeagatik, "belaunaldien bitartez funtsezkoak diren eta Nafarroarentzat benetako kapitala osatzen duten loturei jarraipena ematea ahalbidetzen duelako".
Era berean, Ollok euskarak elkartzeko bide gisa duen garrantzia azpimarratu du eta "euskarak ere batzen gaitu. Hizkuntza honek ez du soilik zuen arbasoekin lotzen iragan urruneko ondare gisa, baizik eta orainaldiko eta etorkizuneko altxor gisa ere bai, planetaren mutur batetik bestera erakusteko eta transmititzeko modukoa, inguratzen gaituen mundu globalizatu batean".
Harrera instituzionala egin aurretik, taldeak Erriberriko Errege Jauregia bisitatu ahal izan du. Programa gaur arratsaldean amaituko da, Iruñeko alde zaharrean zehar gidatutako bisIta batekin.