Europako hamar bat herrialdetako 21 gaztek parte hartuko dute Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako nazioarteko boluntariotzari buruzko online prestakuntza batean

2020/10/30

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (INJ) online prestakuntza bat antolatu du aste honetan, Europako Elkartasun Kidegoa (CES) programan parte hartzen duten hamar bat herrialdetako 21 gazte boluntariorentzat. Boluntariotza garatuko dute Nafarroako, Galiziako, Valentziako eta Kanarietako hainbat gizarte-erakundetan eta GKEtan. Ikastaroaren bidez, egokitzapena eta gizarteratzea erraztu nahi dira, eta erreferentzia-esparru bat eskaini.

Ikastaroa Europako Batzordeak finantzatu du, eta 268.788 euro eman ditu CES programa Nafarroan martxan jartzeko. Ikastaroan eztabaida eta dinamika aktiboetan oinarritutako metodologia erabiltzen da, boluntarioen parte-hartzea sustatzeko. Egonaldia amaitzean, Europako Batzordeak babestutako Youthpass ziurtagiria jasoko dute gazteek. Ziurtagiri horretan, beren ikaskuntzaren puntu nagusiak eta egonaldian garatutako gaitasunak jasoko dira.

Online prestakuntzan parte hartu duten 21 pertsonak (18 eta 30 urte bitarteko 13 emakume eta 8 gizon) Alemania, Danimarka, Grezia, Espainia, Estonia, Frantzia, Hungaria, Italia, Herbehereak eta Portugaletik datoz. Nafarroako Arterra Bizimodu eta Setem gizarte-erakundeak, Galiziako Xeración eta Sustinea elkarteak, Kanarietako San Juan Elkartea eta Valentziako Erkidegoko AAP Primadomus eta Escola Sindical Formació Melchor Botella.

Nafarroan 35 gaztek parte hartu dute programa honetan

Foru Erkidegoan, aurten, 35 gaztek eta Nafarroako 13 erakundek parte hartu dute Europako boluntariotza-programa honetan, eta haien parte-hartzea bultzatzeko proiektuak aurkeztu dituzte.

Erakunde hauek dira: Proyecto Hombre, Paris 365, Setem Comercio Justo, Oxfam Intermon, Sociedad Geltoki, Federación Batean, Cruz Roja Tudela, Comedor Solidario Villa Javier de Tudela, Asociación Leonardino de Burlada, Asociación Síndrome Down, Nuevo Futuro, Red Europea de Ecoaldeas eta Arterra Bizimodu Ekoaldea.

Europako Elkartasun Kidegoa (EGAB) Europar Batasunaren nazioarteko mugikortasun-programa bat da, 18 eta 30 urte bitarteko gazteen elkartasuna eta inplikazioa sustatzeko Europako edozein herrialdetako GKE, erakunde edo elkarte batean edo Europako Esparru Ekonomikoko kide diren herrialdeetan (Norvegia, Suitza eta Liechtenstein) edo Turkian bi eta hamabi hilabete bitartean garatzen diren boluntariotza-proiektuetan. Programak partaidetza-gastu guztiak estaltzen ditu.

Carlos Amatriain, NGIko zuzendari kudeatzailea, web mintegian.
Carlos Amatriain, NGIko zuzendari kudeatzailea, web mintegian.

Zerrendara itzuli