Hasi da Nafarroako Gazteria Institutuaren Xacobeo Gaztea’

2021/06/29

Nafarroako Gazteria Institutuak (NGI) “Xacobeo Gaztea” programa antolatu du Donejakue Bidea ezagutzera eta zabaltzera emateko Nafarroako biztanle gazteen artean, Done Jakueren urtea dela-eta. Hain zuzen ere, gaur goizean abiatu da lehen etapa, Luzaidetik Orreagara. Nafarroako 15 gaztek parte hartzen dute 12 eguneko ibilbide honetan, eta Frantziako Done Jakue Bideko etaparik esanguratsuenen 175 kilometro egingo dituzte.

Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remirez taldearekin batera joan da Bidearen lehen etaparen zati batean. Kontseilariak adierazi du garrantzitsua dela gazteek gure ondare material eta immaterialaren zati bat ezagutzea: “Bisitari bakoitzari eta esperientzia paregabeaz gozatzea erabakitzen duen pertsona bakoitzari gure komunitatea erakusteko nazioarteko leihoa da”. “Done Jakue Bidearen ikuspegi kulturala ezagutzea nahi dugu gure gazteek; horregatik, penintsulako iparraldeko leku enblematikoak ezagutzeko bisitak egongo dira”, gehitu du. Modu berean, Done Jakue Bideak Europako eraikuntzari ematen dion garrantzi kulturala nabarmendu du Remirezek eta baita Nafarroari eskaintzen dion turismo eta kultur trukerako oparotasuna ere.

NGIko zuzendari kudeatzailea den Carlos Amatriainek ere parte hartu du segizioan, eta adierazi du “Done Jakue Bideak osagai espiritual oso garrantzitsua izan dezakeela, baina abentura aberasgarria ere izan daitekeela esperientziatik. Ibilbide horretan, ezagutzen trukea, kultura, gastronomia, historia,… funtsezkoak dira bidea bere osotasunean ulertzeko; ondorioz, esperientzia hau proposatzen dugu, kasu honetan alderdi hezitzaile nahiz ludikoarekin”. Honako hau bezalako ekimenekin, Done Jakue Bideko ondarearen ezagutza bultzatu nahi dute Done Jakue urte honetan. Etaparen amaieran, taldeak Orreagako Santa Maria Kolegiata bisitatu du, prioreak lagunduta.

Ibilbide kulturala Konpostela lortzeko

Ibilbidea Nafarroa, Errioxa, Gaztela eta Leon eta Galizian barrena igaroko da ekainaren 29tik uztailaren 10era bitartean. Gazteek guztira 175 kilometro egingo dituzte oinez, Bidearen hainbat etapa esanguratsutan banatuta eta hiru monitoreren laguntzarekin; era berean, autobus bat izango dute beharrezko joan-etorriak egiteko. Horrez gain, gida turistiko ezberdinek Bideko tokirik enblematikoenak erakutsiko dizkiote taldeari.

Lehen zati batean, mendi-ibilien etapak eta autobus-ibilbideak tartekatuko dira, kokagune esanguratsuetara bisita interpretatiboak egitearekin batera; hala nola, Atapuercako museora, Yusoko monasteriora eta Huelgas Realeskora, Medulen Interpretazio Zentrora edo Leongo Katedralera.

Bigarren, Frantziako Bidearen azken 5 etapak egingo ditu taldeak Santiagoraino, Konpostela lortzeko helburuarekin; hau da, Done Jakue Bidea egin izana ziurtatzen duen agiria, agintari eklesiastikoek ematen dutena.

Etapa horietan, Done Jakueren urtean era horretako taldeak hartzeko prestatutako aterpetxeetan hartuko dute ostatu, COVID-19aren aurrean eskatutako osasun-arauen eta –neurrien jarduera-protokoloa uneoro beteta.

Remírez lehendakariordea eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriain, gazteekin, Donejakue bideko ohiko irudi batean.
Remírez lehendakariordea eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriain, gazteekin, Donejakue bideko ohiko irudi batean.

Zerrendara itzuli