Narbartek "Ingurune naturalean bizikidetza-eragileak sortuz" gazteen kanpamenduaren bigarren edizioa hartu du

2026/04/15

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bitartez, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak "Ingurune naturalean bizikidetza-eragileak sortuz" kanpalekuaren bigarren edizioa bultzatzen dute, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Ekimen honen helburua bizikidetzaren eta giza eskubideen balioei buruzko espazio gogoetatsu eta sortzaileak eskaintzea da, aire zabalean egindako abentura anitzeko jarduerekin osatzen direnak.

Aste honetan, 50 bat gazte artearen munduan murgilduko dira hainbat tailerren bidez, eta bizikidetzan eta giza eskubideetan oinarritutako talde-dinamiketan parte hartuko dute. Horrela, talde-espiritua, errespetua eta gizarte-kontzientzia sustatu nahi dira, ikasteko eta dibertitzeko esperientzia ahaztezina eskainiz. Gainera, parte hartzen duten gazteak aire zabaleko jarduera zirraragarriez gozatzen ari dira, hala nola kanoien jaitsierak, herri kirolak, tirolinak eta piraguismoa, Nafarroa hezearen edertasun naturala arakatuz, BKZ Nafarroa Abenturako teknikariek aholkatuta eta gidatuta. Kirol anitzeko jarduera horien bidez, gazteek aisialdiko esperientzia aberasgarria, dibertigarria eta osasungarria bizi dute, eta, horren ondorioz, naturarekin konektatzen dute, eta, aldi berean, Foru Komunitateko iparraldeko faunaren eta floraren ingurunea eta aniztasuna gozatzeko eta balioa emateko aukera dute, eta, ondorioz, ingurumenaren errespetua eta kontserbazioa sustatu ere.

Nahi gabeko bakardadea

Kanpalekua naturan bat-batean elkartzeko gune segurua eta inklusiboa da. Komunitatean parte hartzea "pilula sendatzailetzat" jotzen da gaur egun osasunaren arloko profesionalak gehien kezkatzen dituen zeharkako epidemietako batean: "nahi ez den bakardadean".

Hainbat diziplinatan adituak diren pertsonek hausnarketa, begirada kritikoa eta lagun egitea sortzen dute bidaia honetan. Joan den asteartean, Doneztebeko zineman, parte hartzaileek Bidebitarte Kooperatibak eta Ados Teatroak sortutako "Filmoteca humana/Giza-Filmoteka" proiektuaren proiekzio-solasaldiaz gozatu ahal izan zuten, landa-inguruneetan zein hiri-inguruneetan nahi gabeko bakardadea pairatzen duten pertsonei buruzkoa. Solasaldian Jose Antonio Vitoria "Oihartzunak" mikrodokumentalen eta 52 Hercios/52 Hertz antzezlanaren zuzendariak hartu zuen parte, Garbi Losadarekin batera, "nahi ez den bakardadea" gaia ardatz hartuta.

Bestalde, Juan Angel Perotxena "Perotx”-ek, arte piktorikoen bitartez eta solasalditik ateratako hausnarketetatik abiatuta, talde-lana uztartu du, bizi izandako emozioak sinbolizatuz eta objektibatuz, mural kooperatibo bat sortu eta irudikatzeko.

Era berean, Haizea Loira terapeuta musikalak gogoeta egitera gonbidatzen du, musika tresna nagusi gisa erabiliz begirada kritikoa eta adierazpena erdibana osatzera. Eta, azkenik, begirada errestauratiboa lagun dute 50 gazteek, Sugoi Etxarri eta Javier Goñi errestaurazio-zirkuluetako espezialisten bitartez. Horiek arduratzen dira edozein bizikidetza osasuntsutan oinarrizko alderdiak sustatzeaz, hala nola errespetuzko harremanak eraikitzeaz, laguntza emateaz edo erabakiak hartzeaz, horretarako komunikazio zintzoa, loturen garapena eta komunitate-indartzea erabiliz.

Narbartek

Zerrendara itzuli