Zabaldu da 2021eko Gazteriaren Aurrekontu Parte-hartzaileetara proiektuak aurkezteko epea

2021/02/22

2021eko Gazteriaren Aurrekontu Parte-hartzaileetara proiektuak aurkezteko aukera izanen da, astelehen honetatik, hilak 22, martxoaren 14a bitartean. Nafarroako Gazteriaren Institutuak 30.000 euro bideratuko ditu hautatutako proiektuentzako; horiek, gizarte kutsua izan, eta gazteei zuzenduak izan beharko dute.

Bosgarren edizioan, Gazteriaren Aurrekontu Parte-hartzaileen  helburua gazteak proiektu baten garapen-maila guztietan inplikatzea da, definitzen denetik ebaluatzen den arte.

Deialdia Nafarroan erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, baita Foru Erkidegoan erregistratuta dauden eta gazteekin lan egiten duten irabazi asmorik gabeko elkarte edo erakundeei ere. Proposatutako proiektuek gazteei zuzenduta egon beharko dute eta parte-hartzearekin, prestakuntzarekin, kulturarekin, berdintasunarekin edo gizarteratzearekin lotuta egon beharko dute; hau da, gazteei zuzendutako gizarte-proposamenak izan beharko dute. Proposamenak INJren webgunean aurkez daitezke eta bertan programaren oinarriak eta informazio guztia aurki daiteke.

Gauzatze-aurrekontuari dagokionez, proposamen bakoitzak ezin izango du gainditu 9.500 euroko gehieneko zenbatekoa, ezta 6.000 eurotik beherakoa ere. Gainera, proiektua proposatzen duten pertsonek edo erakundeek kudeaketan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Proiektuak aurkezteko epea amaituta, mahai tekniko batek proposamenak aztertuko ditu eta hiru proposamen irabazleen aukeraketa bozkatuko du, INJren webgunearen bidez.

Aurreko edizioko proiektuak

Gazteriaren aurrekontu parte-hartzaileen azken edizioa 2019an egin zen eta hiru proposamen hautatu ziren, ondoren gauzatutakoak. 'Bideo-jokoak, hezkuntzarako aliatu handia' mintegia, ‘Nafarroa bizi’ dokumentala eta 'Iruñea: artea eta inprobisazioa ' tailerra dira.

"Bideojokoak, hezkuntzarako aliatu handia" mintegian bideojokoek gazteen eguneroko bizitzan duten presentzia gero eta handiagoa eta horiek ikasteko eta ezagutzak transmititzeko duten erabilera jorratu zen, horrek dituen erronkekin. Lan horretan hezitzaileak, psikologoak eta bideojokoen mekaniken diseinatzaileak aritu ziren.

"Nafarroa bizi" dokumentalean, lau gaztek beren bizipenak islatu zituzten Foru Komunitatetik astebeteko bidaia batean, beste gazte batzuei komunitate horretako aniztasuna ezagutarazteko eta transmititzeko, bai eta aisialdi osasungarrirako aukerak, interakzio sozialaren eta ikaskuntzaren garrantzia eta garapen pertsonala ere.

Hiri tailerra, "Iruñea: artea eta inprobisazioa", hiru egunetan jarraian egin zen, eta hainbat arlo eta artetako gazteak elkartu zituen, elkarrekin egindako proposamen baten bidez. Proposamen horrek musika eta inprobisazioa nahastu zituen arte desberdinen artean: argazkilaritza, dantza, pintura, hiriko arteak, poesia, etab. Proiektuaren amaiera gisa, performance bateratu bat egin zen.

2021ko Aurrekontu Parte-hartzaileen kartela.
2021ko Aurrekontu Parte-hartzaileen kartela.

Zerrendara itzuli