Erasmus + Gazteria

Erasmus+ Gazteria programa 2021-2027

“Bizitzak aberasten, buruak irekitzen”

Zer da Erasmus+?

Europar Batasunak hezkuntza, prestakuntza eta gazteria, eta kirolerako duen programa da. Indarrean egonen da 2021etik 2027ra bitarte (azken hori barne).

Gazteriaren arloko helburuak

  • Gazteen oinarrizko trebezia eta gaitasunak hobetzea.
  • Sustatzea gazteek parte hartu dezaten Europako bizitza demokratikoan eta lan-merkatuan.
  • Laneko kalitatearen hobekuntzak sustatzea, gazteriaren arloko erakundeen eta interesa duten gainerako alderdien arteko lankidetza sendotuz.
  • Gazteen eta lan-merkatuaren arteko loturak sendotzea.
  • Herritartasun aktiboa, kulturen arteko elkarrizketa eta gizarteratzea bultzatzea.
  • Ikaskuntza ez-formal eta informalaren aitortza indartzea.
  • Politiken erreformak osatzea toki, eskualde eta estatu mailan.
  • Gazteen jardueren nazioarteko dimentsioa bultzatzea.
  • Langile eta erakundeek gazteriaren arloan duten papera indartzea, gazteei laguntza emateko egiturak izan daitezen.
  • Ezagutzan eta esperientzian oinarritutako gazteria-politika bat bultzatzea.

Erasmus+ programako ekintzak

Azaldutako helburuak betetzeko, Erasmus+ programak hiru ekintza gako aurreikusi ditu. Ekintza horiek lagunduko dute proiektu mota guztiak gauzatzen.

1. EKINTZA GAKOA: Gazteriaren arloan ikaskuntzak ekarritako mugikortasunari buruzko proiektuak

  • Gazte-trukeei esker, gazteak –gutxienez ere bi herrialdetakoak– hainbat jardueratan bil daitezke, hala nola lantegietan, eztabaidetan eta aire zabaleko jardueretan, gaitasunak garatzeko eta, berdinen arteko ikaskuntzaren bidez, balioak sustatzeko; esaterako, elkartasuna, aniztasuna eta kontzientzia europarra.
  • Gazteriaren arloko langileen mugikortasunaren bidez, haien garapen profesionala bultzatu nahi da, jardunbide egokiak sortuko dituen komunitate bat eratzen lagunduz eta proiektuen kalitatea sustatuz.
  • Gazteek Parte Hartzeko Proiektuek biltzen dituzte gazteen erakunde eta talde informalek bultzatutako jarduerak, eta sustatzen dute gazteek parte hartu dezaten Europako bizitza demokratikoan, toki, eskualde, nazio eta Europa mailan.
  • Inklusio-ekintza "DiscoverEU" programak Europan trenez bidaiatzeko aukera eskainiko die 18 urteko gazteei, EBko kide izatearen sentimendua sustatzeko eta haiek EBko kultura-aniztasuna ezagutzeko. Informazio-saioa online

Herrialde bakoitzeko agentzia nazionalek kudeatzen dituzte proiektu hauek.

Erasmus+ akreditazioak

Ekintza Gakoaren berrikuntza nabarmenetako bat da proiektuak akreditazio prozedura baten bidez aurkeztu ahal izatea. Aukera hori ezarri da aurretiazko esperientzia duten erakundeentzat, gazteriaren arloko programak garatu nahi badituzte programaren indarraldian (2021-2027). Esparru-proiektu bat aurkezteko aukera izanen dute, zeinetan epe luzerako helburuak eta egin beharreko jarduerak zehaztuko dituzten. Behin akreditazioa onetsi eta emanda, horrek ahalbidetuko die dirulaguntza eskaerak modu sinpleago batean aurkeztea. Akreditazioa urte osoan zehar eskatzen ahalko da.

2. EKINTZA GAKOA: Berrikuntzarako eta jardunbide egokien trukerako lankidetza

  • Lankidetzako elkarteek erakundeei aukera ematen diete beren jardueren kalitatea eta garrantzia handitzeko, beren bazkide-sareak indartzeko eta nazioartean batera jarduteko gaitasuna handitzeko.
  • Eskala Txikiko Elkarteak diseinatuta daude Erasmus+eko sarbidea emateko eskala txikian diharduten eragileei eta sektore desberdinetan iristea zailagoa den pertsonei. Proiektuen hartzaileak izanen dira oinarrizko erakundeak (izaera sozialekoak, komunitatetik gertu daudenak) eta programara iritsi berriak diren entitateak.

Gazteriaren arloan, herrialde bakoitzeko agentzia nazionalek kudeatzen dituzte lankidetzako elkarteen proiektuak (Europako GKE-ek aurkeztutakoak izan ezik) eta eskala txikiko elkarteen proiektuak.

Gaitasunen garapena gazteriaren arloan

Gazteriaren arloan gaitasunak garatzeko proiektuak Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren eremuko Agentzia Exekutiboaren (EACEA) bidez ere kudeatzen dira.

3. EKINTZA GAKOA: Babestea politiken garapena eta Europako Gazteria Batuaren lankidetza

3. Ekintza Gakoan sartutako proiektuak modu zentralizatuan kudeatzen dira, Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren eremuko Agentzia Exekutiboaren bidez (EACEA).

Nortzuk parte hartu dezakete?

Bi eragile mota daude: parte-hartzaileak eta erakundeak

Parte-hartzaileak

Erakundeek aurkeztutako proiektuetan parte hartzen duten pertsona fisikoak. Eskuarki, Erasmus+ proiektuetako parte-hartzaileak programako herrialde batean bizi behar dira. Nolanahi ere, ekintza batzuetan (hala gertatzen da gazteriaren arloan) herrialde elkartuetako pertsonek ere parte hartzen ahal dute.

Parte-hartzaileek erakundeen bidez eskuratzen dituzte Erasmus+ek eskaintzen dituen aukerak. Erakunde horiek programako dirulaguntzen onuradun bihurtzen dira, eta jarduerak garatzeaz arduratzen dira Europako Batzordeak ezarritako helburu eta lehentasunekin bat etorriz.

Gazteriaren arloko proiektu garrantzitsuetan, hartzaile nagusiak hauek dira: 13 urtetik 30era bitarteko gazteak, gazteriaren arloko langileak eta esparru horretan diharduten erakundeetako kideak.

Erasmus+ proiektu batean parte hartzeko baldintza zehatzak aldatu egiten dira, segun eta zer motatako ekintza den.

Erakundeak

Erasmus+ proiektuak erakundeek aurkeztu eta kudeatzen dituzte parte-hartzaileen izenean. Proiektu bat hautatzen denean, eskaera aurkeztu duen erakundea Erasmus+ motako dirulaguntza baten onuradun bihurtzen da.

Onuradunek dirulaguntza-hitzarmen bat sinatzen dute, edo dirulaguntza emateko erabakia jakinarazten zaie, finantza-laguntza jasotzeko eskubidea ematen diena beren proiektua gauzatu dezaten (dirulaguntza-hitzarmenak ez dira sinatzen banakako parte-hartzaileekin). Programako ekintza batzuek parte hartzeko aukera ematen diete gazte-talde informalei ere.

Erasmus+ proiektu batean parte hartzeko baldintza zehatzak aldatu egiten dira, segun eta zer motatakoa den programak babestutako ekintza. Oro har, programa hau irekita dago hezkuntzan, prestakuntzan, gazteen alorrean edo kirolean diharduten erakunde guztientzat. Gainera, badira zenbait ekintza, zeinetan lan-merkatuko beste eragile batzuek parte hartu dezaketen.

Erasmus+ ekintzak eskatzea

INFO +

Informazio gehiago, hemen:

Hezkuntza-aisialdiko Bulegoa
T.: 848 42 03 39
 
Esteka interesgarriak
 


Erasmus + Gazteria