Ingurune naturalean bizikidetza-eragileak sortuz

  • Jarduera: Natura eta abentura anitzak
  • Tokia: Narbarte
  • Datak: 2026ko apirilaren 7tik 10era
  • Adina: 14-17 urte (jardueraren hasieran)
  • Plazak: 50 (25 gazteleraz y 25 euskaraz)
  • Hizkuntza: Gaztelera eta euskara
  • Norentzat: Gazte txartela duten Nafarroako gazteak
  • Prezioa: 60 euro

Behar espezifikoren bat baduzu edo egokitzapen partikularren bat nahi baduzu, Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitugu, jardueren ezaugarriei buruzko aholkularitza eta informazioa eman diezazun.

Zozketaren ondoren hautatutako pertsonei mezu elektroniko bat bidaliko zaie, izen-ematea eta ordainketa amaitzeko jarraibideekin.

Helburuak

Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak udaleku desberdin, sortzaile eta gizatiar bat eskaintzen dizue. Kanpamentu honek abentura-kirol anitzeko kanpaleku bat baino zerbait gehiago izan nahi du, parte-hartzaileak bizikidetzak biltzen dituen balioen banakako eta taldekako ikerketan aktiboki inplikatzea du helburu. Etxetik irteteak edozein neraberengan eragin ditzakeen beldurrak hartuko dira kontuan. Udaleku honetan garrantzi berezia emango zaie parte-hartzaileen arteko harreman osasuntsuei, elkar ezagutzen ez duten gazteek gai ezberdinen inguruan hitz egiteko aukera izateari. Horiek guztiak aurreiritzirik eta estereotiporik gabeko giroan landuko dituzte. Parte hartzaileek aire zabaleko jarduera zirraragarriez gozatuko dute, hala nola kanoien jaitsiera, herri kirolak, tirolinak eta piraguismoa, Nafarroako edertasun naturala arakatzen duten bitartean. Gainera, artearen munduan murgilduko dira sormen-tailerren bidez, eta Bizikidetzan eta Giza Eskubideetan oinarritutako talde-dinamiketan parte hartuko dute. Kanpamentu honek talde-espiritua, errespetua eta gizarte-kontzientzia sustatu nahi ditu, ikasteko eta ondo pasatzeko esperientzia ahaztezina eskainiz.

Udalekuak aisialdi-gune hezitzaile , segurua eta inklusiboa eskainiko die parte-hartzaileei, eta honako helburu hauek landuko dira bertan:

  • Garapen pertsonala eta soziala sustatzea: gazteen autonomia, autoestimua, gizarte-harremanak, erantzukizuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna sustatzea.
  • Bizikidetza eta talde-lana sustatzea: parte-hartzaileen artean errespetuzko, tolerantziazko eta lankidetzazko giroa sortzea.
  • Balio unibertsalei buruz sentsibilizatzea: berdintasunari, kulturartekotasunari eta giza eskubideei buruz lan egitea eta hausnartzea.
  • Naturarekin harremantzea: Nafarroako iparraldeko ingurune naturalaz gozatzea eta balioestea, ingurumenaren errespetua eta zaintza sustatuz.
  • Aisialdiko esperientzia osasungarria eta aberasgarria eskaintzea: Aste Santuko oporretan, parte hartzaileei aisialdi ekintzaile, atsegin eta hezitzailea eskaintzea.
  • Komunitate-sentimendua sustatzea: interes eta behar partekatuen bidez gune komunitario espazio bat sortzea, parte-hartzaileen arteko elkarrekintza osasuntsua sustatuz.

Kokagunea

BKZ Navarra Aventura Narbarte herrian dago, Nafarroako iparraldean, Bertizko Jaurerriko Parke Naturaletik oso gertu. Parte-hartzaileek Bertizko aterpetxean hartuko dute ostatu.

Informazio gehiago: https://www.navarraaventura.com/

Jarduerak mendi-ingurunean egingo dira, baliabide naturalak probestuz, eta uretako jarduerak Bidasoa ibaian gauzatuko dira: arroilen jaitsiera, tirolinak, ferrata bidea, mendi-ibilaldiak, jolasak, gaualdiak eta jarduera guztiak begiraleak gidatuak izango dira.

Tailerrak

“GIZA FILMOTECA”. MIKRODOKUMENTALAK + SOLASALDIA

Filmoteca humana / Giza filmoteka proiektua nahi gabeko bakardadea jasaten duten pertsonen inguruko mikro-dokumentalak sortzea du helburu. Edozein adinetako pertsonak izan daitezke, bai landa inguruneetan, bai hirietan. Haien iritziak eta egoerak kontuan hartuta, pertsona bakoitzak 5 minutuko pieza bat sortzen du, bere egunerokotasuna eta munduaren inguruko ikuspegia islatzen duena. Sormenaren bidez, hauei ahots propioa ematen saiatzen dira, eta ahalduntze prozesuak eta pertsonalki hobetzeko aukerak sustatzen dituzte.

Jarduera honen bidez, Doneztebeko zineman, topaketa-gune bat bilatuko dugu, parte hartzen duten gazteen artean sozializazioa eta iritziak trukatzea ahalbidetuko duena, bizitzaren fase guztietan sormen-jarduerak ongizaterako duen garrantzia aldarrikatuz.

BAKARDADEARI KANTUA TAILERRA

Hausnarketa bidelagun aberasgarria da bizitzako edozein garaian. Artea helduleku interesgarria da gai honetan, bere dimentsio sortzaileak gogoetatik harago ekiditeko aukera ematen baitu. Tailer honetan hausnarketa sustatzen da aurreko egunean Donezteben ikusi eta aztertu zituzten mikrodokumentalak oinarri hartuta. "Hautatu gabeko bakardadea" izango dute aztergai, eta parte-hartzaileen ideiak eta proposamenak bilduko dituen abesti bat sortuz eta grabatuz sustatuko da adierazpena.

BIZIKIDETZA ZIRKULUAK

Elkarbizitza-zirkuluek elkar ezagutzen, estereotipoak hausten, eta inor ezagutzen ez dugun kanpaleku batera joan berri garenon beldurrak kentzen lagunduko digute. Zirkuluko gertutasun horretan duzuen hura ezagutuko duzue, oinarri gisa errespetua, elkarrizketa eta emozioa dituen metodologia baten bidez.

BIZIKIDETZAREN ALDEKO HORMA-IRUDIA

Juan Ángel Perotxena ilustratzaile eta artista grafikoaren zuzendaritzapean, horma-irudi komunitario bat sortuko dute, parte-hartzaileen hasierako hausnarketaren eta interesen bidez. Esperientzia sortzaile hau, udalekutik gertu dagoen herri bateko pareta bati kolorea emanez gauzatuko da.

Behar espezifikoren bat baduzu edo egokitzapen partikularren bat egin nahi baduzu, Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitugu, aholkua eta jardueren ezaugarrien berri eman diezazugun.

Inskripzioak eta prezioa

Plazak ZOZKETA bidez esleituko dira, data hauetan:

Izena emateko epea: Martxoaren 2tik 15era

Zozketa: Asteartea, martxoaren 17an, 10:00etan. (Emaitzak webgune honetan bertan argitaratuko dira)

Bigarren aukera plazak lortze aldera, martxoaren 23tik aurrera plaza librerik geratzen bada.

Kontuan hartzekoa: Pertsona batek Gazte Txartelaren titularragoa den beste pertsona bat sar dezake inskripzio berean. Zozketan irabazle suertatzen bada, eskabidean agertzen den pertsonari ere esleituko zaio plaza.

Ziurtatu beste pertsonaren datu hauek sartu behar dituzula eskabidean:

Izena eta bi abizenak, NANa, jaiotze-data, helbide elektronikoa, herria eta txartelaren modalitatea.

Jardueraren ordainketa: Irabazleek, zerrenda argitaratu ondoren, email bat jasoko dute, eta bertan adieraziko zaie zein den ordainketa egiteko epea, ordaindu beharko duten zenbateko osoa eta bidali beharreko dokumentazioa.

Ordainketa egiteko behar den denbora igarotakoan ordainketa egiten ez bada, esleitutako plazak eskuratzeko eskubidea galduko da eta izena emandako gainerako pertsonen artean esleituko dira.

Zenbatekoa: 60 euro.

Ordaindutakoaren itzulera: Nafarroako Gazteriaren Institutuak kuota itzuliko du, erakunde antolatzaileari egotz dakiokeen jarduera eteten den kasuetan bakarrik.

(Prezioaren barruan sartzen dira Iruñetik joan-etorriko bidaia, jarduerak, ostatua eta mantenua).

Beharrezko agiriak

Ordainketa egiterakoan, plaza-esleipendun izan bazara, honako hauek eskatuko dira:

  • NAN.
  • Nafarroako Gazte Txartela (modalitate klasikoa edo Caja Rural edo Caixabank bankuetxekoak).
  • Osasun txartela.
  • Aitaren, amaren edo legezko tutoreen baimena.

Material gomendagarria

Arropa

  • Oinetako egokiak (kirol-zapatilak, mendian ibiltzeko beste oinetako egoki batzuk eta ibaian sartzeko lokarriak dituzten zapatilak).
  • Arropa erosoa, zira eta berokia (praka motzak, bainujantzia, kamisetak, txandala, jertseren bat, zikindu daitekeen arropa...).
  • Garbitzeko eskuoihala, aldatzeko arropa, lotarako arropa, garbitasun produktuak.

Materiala

  • Lo-zakua, motxila txikia txangoetarako.

Besteak

  • Objektu pertsonal bat eramatea.
  • Sendagai espezifikoak (tratamenduan egonez gero).
  • Derrigorrezko ziurtagiri medikoa dieta bereziak, gaixotasunak edo alergiak daudenean (jarduerara eramateaz gain, camposdevoluntariado@navarra.es posta elektronikoz aurreratu).

Kanpaldiko datak

  • Nafarroako Gazteriaren Institutuak autobus bat jarriko du joan-etorrirako. Topagunea Autobus Geltokian da (Yanguas y Miranda, 2), 2026ko apirilaren 7an, 8: 45ean.
  • Egun horretan bertan joaterik ez badago, Nafarroako Gazteriaren Institutuari jakinaraziko zaio.
  • Egonaldia 2026ko apirilaren 10ean amaituko da. Iruñera itzultzeko ordua 13:00etan izango da. Elkargunea autobus geltokia da (Yanguas y Miranda kalea, 2).

Kontaktua

Nafarroako Gazteriaren Institutua: 



Ingurune naturalean bizikidetza-eragileak sortuz